Ondarea Hasierara

Aurkezpena

Herriko jaiak

Herrian jai asko dagoz. Auzo askok bakotxak berea dauke.

Otsailean aratusteak ospatzen dira, batez be herriko erdigunean. 1980tik hasita, indarra hartu dabe.

Otsailak 4: Santa Ageda bezpera. Koruak urtetan dabe abestuten eta batuketa bat egiten, lehenagoko ohitura jarraituz.

Maiatzaren 3an edo, domekea ez bada, egun horretatik aurrerako lehenengo domekan, Santa Gurutz eguna. Bizkargiko Santi Kurtze ermitan eta Eustoako auzoan jaia egiten da. Bizkargikoa abertzale kutsuko jaia izaten zan diktadura garaian.

Maiatzak 8: S. Isidro. Bernagoti auzoan jaia. Meza, boloak eta erromeria eta dantzak egoten dira. Maiatzak 15: San Isidro. San Isidro ermitan, inguruko baserritarren jaia egiten da. Boloak eta erromeria egoten dira. Larrean, barriz, meza eta baserritarren bazkaria egoten dira.

Maiatza-ekaina: Baten amaieran edo bestearen hasieran, Pentekoste ospatzen dau eleizak, eta Erkoles auzoan Pentekoste astelehenean izaten dira jaiak.

Ekainak 13: S. Antonio. Eubako S. Antonio auzoan jaia.

Ekainak 23: S. Juan bezpera. Iluntzean, auzo guztietan eta erdigunean suak piztutzen dira.

Ekainak 24: S. Juan. Jaia auzo honeetan: Ergoieneko S. Juan eta Ofrendoko S. Juan. Ermita bietan meza eta erromeria egiten zan lehen. Gero, San Juan Ofrendo itxita egon zan, baina orain urte gitxi barriro hasi ziran jai honi indarra emoten, Udabarri dantza taldearen bitartez. Bideaur auzoan, Tantorta auzoan eta Zubizabala auzoan be jai egiten da.

Ekainak 29: S. Pedro. Boroa auzoan meza, boloak, herri-kirolak eta erromeria egoten dira. Saratsu auzoan be jaia da.

Uztaileko lehenengo domekea: San Martin ermitan jaia eta erromeria egiten zan. Andrandi auzoan, eraiki barria zanean, jaiak maiatzaren lehenengo egunean, S. Jose Langilearen egunean, ospatzen ziran; gerora, ostera, fetxa honetara aldatu dabez.

Uztailak 10: S. Kristobal, gidarien jaia. Ixer auzoan be jai egiten zan.

Uztailak 16: Karmen eguna. Herriko jaiak. Larrean jai berezia egiten da egun honetan. Baina, batez be, erdiguneko jaiak dira, auzoetakoak baino gehiago.

Uztailak 25: Santiago. Herriko jaien barruan, aitita-amamen eguna ospatzen da.

Uztailak 26: Santa Ana. Orain berrogeita hamar urte baino lehenagotik danborrada ospatzen da.

Uztailak 27: Santanatxu. Kuadrilen jaia egiten da, eta ohitura normalak urratzeko eguna da. Herriko jaien azken eguna da.

Uztailak 31: S. Inazio. Bizkaiko lurralde osoan jaia egiten da, eta Belatxikietako ermitan be bai. Erromeria egiten da.

Agorrileko lehenengo domekea: Bernako jaia. Meza, bertsolariak eta erromeria egoten dira.

Agorrilak 10: S. Lorentzo. Montorra auzoko jaiak. Asto probak eta erromeria egoten dira.

Agorrilak 15: Andre Mariaren jasokundea. Etxanoko jaiak. Meza, pilota partiduak, herri kirolak eta erromeria egoten dira.

Agorrilak 24: S. Bartolome. Auzo horretako jaiak. Meza, boloak eta erromeria egoten dira. Errepetizinoa hurrengo domekan egiten da, eta Autzaganen ospatzen da.

Agorrilak 29: S. Luzia. Leginetxeko S. Luzia auzoko jaiak izaten ziran.

Agorrileko laugarren domeka: S. Bizente ermitan, Arkotxa-Bediagako jaiak. Lehen, jai hau San Lorentzo ostean ospatzen zan, baina, gero, auzokoak agorrileko laugarren domekea hartu eben jaiak ospatzeko. Hilak bost domeka badaukaz be, beti laugarrenean ospatzen dabe.

Irailak 2: S. Antolin. Epaltzako jaia. Meza, boloak eta erromeria egoten dira.

Irailaren lehenengo domekea: Euban, tren geltokia dagon etxe multzoko jaia. S. Pijon deitzen deutsie, jai hau sortu eban familiaren ezizena Pijon zalako; auzokoak esaten dabenez, bizirik egoala be santu izan dan santu bakarra. Erromeria egiten da.

Irailak 29: S. Migel. Dudeako S. Migel ermitako jaiak. Meza, erromeria eta boloak egoten dira. Aldana ganeko ermitako jaia be bada. Ermita honen jabetza pertsona pribatuena da, baina urtero ospatzen da jaia. Hemen be meza eta erromeria egiten dira. Larrabetzuko lurra da, baina Zornotzatik joaten dira jaira.

Azaroak 22: Sta. Zezilia, musikalarien zaintzailea. Herriko koruak ospatzen dabe.

Abenduak 24: Olentzero. Oiartzun eta Malerrekan gorde izan zan ohitura hau hemen be sartu da, ikastola, Udabarri eta ikastetxeen bitartez.

atzera

Pertsonaiak

Gertakizunak

© 2009 Amorebieta Etxanoko Udala - iametza interaktiboak garatuta

Laguntzailea: EKIN S. KOOP.

CSS | XHTML | WAI-A