Ondarea Hasierara

Aurkezpena

Historia laburpen bat. Atonketa forala eta politikoa

Etxano Zornotza baino zaharragoa da. Iturrizaren esanez, Ibarruriko Unda Jauregi familiak etxetxo bat eraiki eban 834an, eta hortik hartu eban herri honek izena. Gero, X. gizaldian, kartulario baten agertzen da izen hau, Eggano formeagaz. Eleiza X. gizaldian eraiki eben lehenengoz, eta XVI. gizaldian berreraiki egin eben. 1732an, kanpantorrea jaso eben, Kalahorrako gotzainaren aginduz. Ganera, beirak leihoetan jartzeko agindu eban, hegazti asko sartzen ziralako eta eleiza eta altarak zikintzen ebezelako. Horregaz batera, zorua lixutzeko agindua be emon eban. Beste alde batetik, eleizaren aterpe ondoan harrizko estela bat agertu zan, Karlomagnoren garaiko idazkeran. Oraingo eleizpea kanposantu izan zan lehenago eta, hor be, 1449ko hilarri bat agertu zan idazkun bategaz. Erretaula XVI. gizaldikoa da eta balioduna da arte mailan. Amaitzeko, Jose Arrinda eta Zarazua etxanotarrak 10.000 erreal itxi ebazan eleiza honentzat, eta diru horregaz konponketa ederrak egin ebezan. XVIII. gizaldian, ostera, Mª Benita de Zelaietak 11.000 erreal emon ebazan eleiza honentzat.

1637an, Felipe IV.ak Bizkaiari gudariak eskatu eutsazanean, Etxanori sei gizonezko bialtzea tokatu jakon. Danera, Bizkaiak 1.000 gizonezko prestatzeko konpromisoa hartu eban. 1639an, Bizkaiko jaurerriak herri batzuk ezarri ebazan, frantsesen erasoei erantzun eta defentsari ekiteko. Etxanokoak Bermeora joan beharra eukien.

1720-1730 urteetan, jaiak Larrean, komentu aurreko plazan, dantzakaz ospatzeko ohitura be baegoan. Albo baten egoan jauregian Larreako jauntxoa bizi zan, eta hau txistu eta tanbolin dantzen kontra egoan. Hasarrea hasi zan jauntxoaren eta komentuaren artean, eta 1730ko Karmen egunean prioreak txistularia ekarri eban, eta bere atzetik jende mordoa etorri zan. Jauntxoak nuntzioarengana jo eban, eta honek zigor gogorren mehatxua adierazo eutsan prioreari.

1794an, Etxanoko armadun batzuk Gipuzkoako muga defenditzera joan ziran. Guda honetan, Bilbaoraino sartu ziran gudari frantziarrak eta, azkenean, bakea lortu zan. 1807tik aurrera, Bonaparteren guda zabaldu zan, eta Zornotzan eta inguruetan Joakin Blake jeneralak agintzen eban armadaren adar bat. Honek ezin izan eutson eutsi frantziarren erasoari, eta atzerantza jo behar izan eban. Gero, karlisten lehenengo gerratea etorri zan. Eta ondoren, 1872-1876 urteetan, bigarren karlisten gerratea.

Zornotzaren historia Etxanorena baino beranduago hasten da. XIII. gizaldian, Gaztelako erregeak lurralde hau emon eutsan Pedro García de Salcedori, Navas de Tolosako gudaldian egindako merezimenduekatik. Salcedo-Ayala jauntxoen jatorrikoa da Zornozatarren familia, eta honen artekoak hartu eben lurralde hau. Lehenagotik be baegozan jauretxe batzuk: Andrandegi (zaharrena ei zan), Aldana (Askoeta famililiak sortua, 844an) Canceladako kondearena, Garai, Zubiaur, Jauregi, Ibarra, Berna eta Zornoza.

Azken horretan bizi zan merinoa. XII. gizaldiaren erdialdean, torretxe honen jabea Pedro García de Galindez izan zan, Aialako laugarren jauntxoa. 1445an, Castroko praile baltzak izeneko talde batek, diru truke orduko jauntxoen arteko gudan partaide zanak, erre eban torretxe hau. Amorebietako eleiza eraiki ebenean, jaurerriko jauntxoaren patronatoa zan. Baina Bizkaia Gaztelan sartu zanean, Juan II.ak bere menpeko zan Leibako Santxori agindu eutsan 2.800 marai hartzeko amarrenetatik, eleiza konpontzeko. Oraingo eleiza 1556an hasi ziran eraikitzen, eta 1608an bedeinkatu eban Martinek, Eubako abatak, eleiza honetako abade zanak. 1780an, organo barri bat eta erretaula barria jarri ebezan. 1770-1773 bitartean, 156 sepultura eta sei altara eukazan eleiza honek. 1773an, kanpantorre dotorea eraiki eutsoen. Martin de Zelaieta Liman bizi zanak hainbat liturji jantzi, bitxi eta Eguzki Santua santu ederra oparitu eutsazan XVIII. gizaldiaren erdirantz.

1509an, Pedro Ibáñez de Basozabalek eta Teresa González de Belaustegik pobreentzat ospital bat eraiki eben. Beste alde batetik, oin herrizaingoaren ofizina dagon alderdian udaletxea egoan. Bertan, eskola bat egon zan haurrentzat; kartzela txiki bat eta beste udal zerbitzu batzuk. 1936ko gerran, frankisten bonbardaketa baten erre zan dana.

Oromino errekan eta Ibaizabal errekan baegozan bost ola. XVI. gizaldian eraiki ebezan batzuk, eta baten batek, Bernakoak, XX. gizaldira arte iraun dau. Sustrai horretatik sortu ziran XIX. gizaldian burdin fabrika batzuk. J. Jose Jauregik eraiki eban Astapen bat, teknologia mailan nahiko aurreratua izan zana bere garairako. Gero Izar sortu eben, eta geroago Forjas. Geroago beste batzuk etorri dira. Bidekurutzean egoteak erraztu egin dau enpresa barrien sorrera, batez be komunikabideak hobetu diranean. 1980tik honantza, baserriak eta laborantzak atzera egin dauanean, lur sail egokiak gelditu dira enpresa barriak eraikitzeko, batez be Boroa auzoan.

Amorebieta izena 1872an karlistak eta liberalak egin eben bake itunagaz alkartuta gelditu da. Urte horretako maiatzaren 24an, Serrano jeneralak eta Bizkaiko Aldundiko ordezkariek pake ituna izenpetu eben Belaustegigoitia jauregitxoan. Bizkaiko ahaldunak hurrengo honeek izan ziran: Urkizu, Orue, Arginzoniz eta Artiñano. Gero, Sabino Aranak EAJ sortu eban, eta hazi horrek indarra hartu eban herri honetan, astiro astiro. Espainiako uriola politikoaren barruan, Alfonso XIII.aren monarkiak Primo de Riveraren diktadura ekarri eban. Gero errepublika etorri zan eta, orduan, Franco jeneralak 1936ko gerra ankerra hasi eban, legezkoa zan gobernuaren kontra. Eta, ondoren, barriro diktadura ezarri eban. Garai horretan, 1951ko urtarrilean, Madrileko gobernuak batu ebazan Amorebieta eta Etxano, herri bakarra sortuz. Diktadura garai luzeak urduritasuna ekarri eban, eta diktadurari biolentziagaz erantzuteko bidea hartu eban, 1959 inguruan, ETA talde sortu barriak. Herri honetara be iritxi zan jokaera hori, baina gehiengoak bide demokratikoak jarraitu ebazan diktadurari aurre egiteko.

Gerrostean, irakaskintza ertainetarako aukera etorri zan Juan Goikolea abadeak eta Mª Angeles Larrea andreak, beste pertsona batzuen laguntzagaz, Colegio Berriotxoa sortu ebenean. Ikastetxe horrek Uzelairen txaletean eukan egoitza, eta batxilerra ofiziala zan han, hau da, azterketak eta bertan egiten ziran. Geroago, irakasle egon ziran bertan Leclerc –Fermin jauna–, Hermosilla jauna eta Mateo Uriarte abadea –latina emoten ebana–. Aurrerago, “colegio” hori Berriotxoa akademia bihurtu zan. Adolfo García jauna izan zan zuzendaria, eta A. Etxebarria eta beste irakasle batzuk euki ebazan. Akademia horrek batxilergorako eta komertziorako prestakuntza emoten eban. Beste alde batetik, El Buen Pastor eskola egoan; eskola hori oso garrantzitsua izan zan herritarren artean, han mutilek lanerako prestakuntza jasoten ebelako, gero Izar, Forjas eta antzeko fabrikatara lanera joateko. El Karmelo ikastetxea 1967ko urrian hasi zan batxilergo ofiziala berton emoten, ordura arte karmeldarren misinoetarako seminario izan zan eta. Urte batzuk geroago, neskatoen ikastetxea zan Karmengo Amak be bide hau hartu eban. Eubako pasiotarren seminarioa be 1956an zabaldu eben, eta irakaskintza ertainak emoten egon zan. Gero, Lauaxeta ikastola ezaguna hortxe bertan sortu zan. Andra Mari ikastola be orduan parroko zan Jose Luis Pujanaren babespean hasi zan eskolak emoten, El Karmelo ikastetxeko gela batzuetan eta parrokiapeko egoitza batzuetan. Gero Berriotxoa akademiara igaro ziran, eta azkenik, egoitza barria eraiki eben Larreako auzoan. Geroago, 1980ko hamarkadan Urritxe institutoa sortu zan.

atzera

Pertsonaiak

Gertakizunak

© 2009 Amorebieta Etxanoko Udala - iametza interaktiboak garatuta

Laguntzailea: EKIN S. KOOP.

CSS | XHTML | WAI-A