Ondarea Hasierara

Pertsonaiak

Pertsonaien zerrenda

José Matías IZAGUIRRE y ORUE (1791-1873)

Amorebietan jaio eta bertan hil zan. Ideologiaz liberala zan eta, gaztea zala, isun gogor bat jaso eban horregatik. Baina gero foruen defentsan jokatu eban Madrileko gobernuen aurrean, eta Bizkaiaren forudun Diputazinoaren berezitasunari eutsi eutsan Madrileko agintarien aurrean. 1844an, Diputazino forala barriro be lehengoratua izan zan, Errege Dekretu baten bidez. Baina Izagirrek malgutasunez eta zuhurtasunez jokatu eban Narvaezen gobernuagaz, 1839ko legearen 2. artikuluari buruz itun bat lortu eta negoziaketa bat burutzeko asmoagaz. Holan, Foruen arazoarentzat konponbide sendo bat lortu gura eban.

Jaungoiko-zale Bazkuna. Abade batzuk 1912an Eleiza katolikoaren katekesia hobetzeko sortu eben erakundea zan, eta Zornotza zan egoitza, herriaren bigarren izena hartuta. Aldizka, Jaungoiko-zale izenagaz orritxo bat ataraten hasi ziran. Gero, orritxo hori aldizkari bihurtu eben. Gaiak arazo erlijiosoak ziran, eta helburuetako bat zan Bizkaian dotrinaren euskerazko irakaskintza suspertzea. Zirilo Arzubiaga zan eragilea; bera izendatu eben idazkari iraunkor, eta gerra hasi arte ekin eutsan zeregini honi.

Lehenengo urratsa dotrina bakar bat burutzea izan zan. Horretarako, honako honeek batu ebezan: Mogelen dotrina, Markina aldean erabilten zana; Arzadunena, Durango aldekoa; Laudiokoa, Orozkon erabilten zana; Busturikoa, Gernika aldean erabilten zana, eta Arratiakoa. Melo y Alcalde gotzainagana jo eben, eta honek batzorde berezi baten esku itxi eban arazoa. Baina lehenengo gaztelerazkoa batu behar zan, Asteterena oinarritzat hartuta. Hori egin zanean, euskerazko itzulpenak azkar joan ziran. J. B. Eguzkitzak egin eban bizkaierazko, eta M. Lekuonak gipuzkerazkoa.

1932an, erakunde honek astekari bat argitaratu eban, Ekin izenekoa. Argitaletxea be sortu eban, liburuak euskeraz kaleratzeko. 1924tik aurrera, katekesi jaialdiak atondu ebazan eta, 1935erako, 5.964 umek parte hartu eben. Horreen artetik, 1.770 saritu ebezan. 1935an, ume bakotxa barik, taldeak saritzea erabaki eben. Euren ekintza Hego Euskalerri osora zabaldu zan, eta harpidedunak lau probintzietan egozan. Egitasmo hau sortu eta aurrera eroan eban abade taldearen artean, Arzubiaga, Oar-Arteta, Gabirel Manterola, Eguzkitza eta Ibargutxi dira ezagunenak. S. Onaindia, L. Akesolo eta beste karmeldar batzuk be Larreatik parte hartu eben, eta hortik atara eben eredua, 1931n, Karmengo Argia sortzeko. Francoren borreroak, juez izenagaz, Karmengo Argian idatzi ebela ezarri eutsien erru lez azken bioi, beste antzeko “delitu” batzukaz batera, Dueñas eta Carmonara urte batzuetarako bialtzeko. Talde honetako abade batzuk be bide bardina egin eben.

atzera

Pertsonaiak

Gertakizunak

© 2009 Amorebieta Etxanoko Udala - iametza interaktiboak garatuta

Laguntzailea: EKIN S. KOOP.

CSS | XHTML | WAI-A